AZKEN EGUNA
Emozioez beteriko egun zoragarria... Bonboiak irakasle gelan utzi ondoren, gelara joan naiz. Eli Errioxan egindako kurtsotik bueltan da, baina kontsultoria duenez goiz osoan, atsalderarte ez ginela ikusiko uste nuen. Baina zoritxarrez, esan dit ez dela arratsaldean ezta ere egongo, beraz, ezingo garela despeditu.
Baina erdaraz esaten den moduan... "no hay mal que por bien no venga": eskatu dit hurrengo astean mesedez eskolara etortzeko, behar bezala despedida bat egiteko. Beraz, hurrengo astean hemen izango naiz bueltan! Ez dakit nola egingo dudan unibertsitatera joateko eta eskolara etortzeko, baina moldatuko naiz, ziur!!
Tutorea egon ez denez, eta bere ordezkoak baja hartu duenez, irakasle pila bat pasa dira goizean gelatik eta haurrak nahiko urduri egon dira. Gainera, batzuk triste xamar nabaritu ditut, nire azken eguna izan delako. Baina pozteko intentzioarekin, atzo Eliri egindako oparia erakutsi diet, eta eman egingo diogula esan diet. Beraz, bere bila joan naiz eta etorri denean oparia eman diogu "SORPRESA!" denok batera esanez. Eli harrituta gelditu da, ilusio handia egin dio eta asko poztu da. Plastifikatu eta gelan jarriko duela esan du eta ondoren, esker bero bat eman dit niri.
Egia esan, hain ondo nago haur hauekin, irakasle honekin eta gela honetan, oso zaila egingo zaidala bertara ez bueltatzea. Ahal izan dudan gehien aprobetxatu dut eguna, primeran pasa dut haurrekin, parre asko bota ditugu, betiko antzera: futbolean jolastu dugu jolas orduan, txokoetako lana nik azaldu diet, jolasak egin ditugu, arratsaldean marrazki gehiago egin dizkidate, 5 urteko beste gelakoek ere marrazkia egin nahi izan didate beraiekin jolas garaian asko jolasten dudalako esanez, eta arratsaldean jolas garaiaren ondoren gelara joan garenean, etxera joan aurretik, haurrak besarkatzen hasi dira...
Lurrean eseri naiz eta denak nire gainera bota dira, hiru haur negarrez hasi dira, ez joateko eskatuz, muxuak eman dizkidate... oso zaila izan da. Negar egiteko gogoa nuen, ez nekien pozagatik ala tristuragatik, baina oso momentu intentsuak bizi izan ditut gaur.
Lurrean geundela, beste gelako irakaslea etorri da eta hitz polit batzuk esan ondoren, argazkia atera digu denoi. Ondoren, ilaran jarri eta banan-banan muxuak eman dizkidate. Agurtzeko ordua iritsi da... txirrina jo eta AGUR!! Hurrengora arte!! esatea tokatu da. Denak joan direla, atean gelditu naiz beste irakasleekin beti bezala eta hitz egiten nengoela, bi haur euren gurasoekin etorri zaizkit, haurrak negar batean zeudela. Deskontsolatuta daudela esan didate gurasoak, pena handiarekin daudela haurrak, eta eskerrak eman dizkidate denagatik. Baita ere, zorte ona eman didate nire etorkizunerako...
Hau guztia amaituta, koordinatzailearekin bildu gara eta honek praktiketako ikasle bakoitzari diploma bat eman digu: "Haur Hezkuntzako praktiketako diploma..." aurreko egunean ateratako argazkiekin.
Oso pozik nago, aldi berean triste, astelehenean gelara ez naizela joango pentsatzean, baina asko ikasi dudanaren sentsazioa daukat eta horrekin geratuko naiz.
Hementxe gure argazkia...
Nahiz eta azken eguna izan, idazten jarraituko dut, hausnarketa gehiagorekin, informazio osagarri gehiagorekin, ... beraz, HURRENGORA ARTEE!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario