lunes, 14 de noviembre de 2011

Hamahirugarren eguna: azaroak 14 astelehena

Astelehena iritsi da eta honekin batera beste aste berri bat. Haurrak lasai etorri dira, eta ondo joan da eguna. Gaur, irakurketa berezia egin dugu. Astelehena denez, SENSOR izan dugu ingeleseko gelan, proiektorea dagoelako bertan, eta ondoren gelara joan beharrean, bertan geratu gara irakurketa egiten. Lantzen ari garen fitxak (M eta T letrarenak) eskaneatu eta pen drivean sartu zituen Elik, eta paretan ikusi ditugu. Honela, bakoitzak bere liburuan egin beharrean irakurketa, proiektorearekin egin dugu denok batera. 

Ekintza hau asko gustatu zaie haurrei, ezberdina zenez, motibazio handiarekin egin dute, eta denek parte hartu dute gogotsu. Egia esan, baliabideak noizbehinka aldatzea oso ondo dago.

Bestela, eguna betiko martxan joan da, ez da ezer berezirik gertatu arratsalde bukaerara arte: haur batek beste bati hozka egin dio hankan eta min asko egin dio. Hozka egin duena, zuzenean semaforora joan da eta sofan eserita zegoela lasaitu egin da eta semaforoa erabili du. Bere funtzioa ondo bete du gaurkoz ere semaforoak, eta haurrak segituan barkatu dira.

Honela amaitu da gaurko eguna, eta arratsaldeko bileran, koordinatzaileak esan digu bihar ipuin kontalari bat datorrela. Beraz, ea tokatzen zaigun joatea eta ikus dezakegun! Bihararte...!

No hay comentarios:

Publicar un comentario