Paperzorroa

Blog honen atzean 19 urteko Legazpiarra, bigarren urtez Donostiako Magisteritza eskolan Haur Hezkuntza ikasten. Intza Iraeta naiz eta blog honen bitartez, nire lehen praktikaldiko esperientzia nola joan zaidan azaltzen joan naiz urria eta azaroa bitartean. Hilabete iraun duen esperientzia honetan, 5 urteko haurrekin egon naiz, 21 ziren gelan eta beraiez gain, tutorearekin eta beste hainbat irakaslerekin jarduteko aukera izan dut.
Blog honen sorreraren arrazoia beraz, nire praktikaldiaren esperientziaren azalpena da. Bertan, nire egunerokoak, hausnarketa pertsonalak, argazkiak, haurren opariak, sentsazioak, hobekuntzak, ekintza bereziak, eta abar handi bat azaldu ditut.
Urriaren 24ean irekitako blog honi forma emateko helburuarekin, laburpen orokor bat egiten saiatuko naiz jarraian, blogean azaltzen den guztia ikusi ondoren, eta gero, atera ahal izan ditudan ondorio orokor batzuen inguruan arituko naiz.
Egia esan, praktikak hasi baino lehen tutorearekin izan genuen bileratik nahiko urduri eta galduta atera nintzen. Blog bat egin behar omen genuen eta horiek hitz handiak ziren niretzat. “Bakarrik? Nola hasiko naiz? Zer egingo dut bertan? Ezingo dut…”esaten nion neure buruari. Baina etxera iritsi eta bloga irekitzeari ekin nion; pixkanaka neurea egin nuen, neure gustura apainduz eta pertsonala eginez. Askoz hobe sentitu nintzen eta pixkanaka-pixkanaka egunerokoa idazteari ekin nion.
Nire esperientzia hau kokatzeko helburuarekin, Zumarragako La Salle-Legazpi eskolan egon naiz, 5 urteko haurren gelan. Eskola hau pribatua eta kristaua da eta batxilergora arte hezten ditu ikasleak. Bertako ezaugarririk bereizgarriena eta niri gehien atentzioa deitu didana, aurretik ezagutzen ez nuelako, hauen hezkuntza berritzailea da, LA SALLE programetan oinarritzen dena. La Salle programen helburua, hezkuntza eskaintza integratzailea eta berriztatzailea lortzea da.

Aurrerago hauen inguruan arituko naiz, baina orain, nire abentura kontatzeari ekingo diot. Eskola barruan aurkitu behar nuena zer zen gehiegi jakin gabe, eskolara sartzeko unea iritsi eta bertan hasi zen festa… Irakasleen ongietorria izan ondoren, gelara sartu nintzen. Bertan aurkitutakoa azaltzeko, bloga atal ezberdinetan sailkatu dut:
Egunerokoak izeneko atalean, nire gelan egunero aurkitu ditudan egoerak, dinamikak eta jarduerak azaldu ditut. Blog honen funtsa da, bertan, egunero bizitakoa esplikatu dudalako, eskolako bizitza nolakoa izan den azaltzen joan naizelako, bertan nire jardunaren eboluzioa pixkanaka deskribatuz.
Garrantzi handikoak dira ere hausnarketak, bertan, aurreko atalean deskribatutakoari, nire sentsazioak eta iritziak gehitu dizkiedalako. Honek ere, niretzat denboratxo bat hartu eta bizitakoaren inguruan pentsarazi nau eta hori oso lagungarria izan da nire eboluzioan. Azken finean, hausnartzeak, gauza positiboak nahiz negatiboak ikustarazten dizkizu eta horrek autokritika bat egiteko laguntza handia da.
Gelan sartzean, bertako metodologia zein den eta nola jarduten duten ikusi ahal izan nuen. Bertako errutinak, txokoak eta ekintzak benetan interesgarriak iruditzen zaizkidanez, gelako metodologia izeneko atalean sartu nituen.  Sarrera hauetan azaldu dudan moduan, gela honetako leku guztiak oso pentsatuak daude haurren garapenarentzat.

Horrez guztiaz gain, berrikuntza programak gelan nola aplikatzen dituzten ikusi ahal izan dut eta hori benetan harritu nau, aurretik ez nituelako  inoiz ikusi. Programa hauen artean, haurrekin egunero lantzen genuen eta egunerokoan dagoen ULISES Proiektua dago, HARA, CREA  eta Zirkuituak bezalakoak biltzen dituena.

Bestalde, praktikaldi honetan gehien gustatu zaizkidan edo benetan aipagarriak diren egoerak, jarduera bereziak   izeneko atalean daude. Bertan, zinemara irteera , hosto festa, sukaldaritza eguna, ipuin kontalariak edota beste irakaslerik gabe nire lehen esperientziak azaldu ditut, egonaldia bereziagoa egin dutenak. Niretzat hain garrantzitsuak izan dira, eguneroko errutinatik atera direlako, eta une hauetan ezagutu ditudalako benetan haurrak.

Azkenik, aipatzekoak dira eginbeharreko lanak: bertan, nire oroitzapenen   inguruan hausnartu behar izan dut, margolari trebea izan behar izan dut eta nire orainaldiko egoera, bai unibertsitatean, baita praktiketan aztertu behar izan dut. Gainera, behatutako gertaera nahiz egoera berezi baten inguruan idatzi behar izan dugu eta amaitzeko, azken ebaluazio pertsonal orokor bat  . Lan hauek, eskolako esperientzia osatzeko oso onak iruditu zaizkit, azken finean geure egoeraren, hausnarketen eta gauzatzen ditugun jardueren inguruan pentsarazi izan didatelako. Lan osatua eta bikaina izan dela uste dut!

Amaitzeko, ondorio orokor batzuk aipatuko ditut. Ez dakit ezer berririk esan ahalko dudan baina bai, praktikaldi honekin batera egin behar izan ditugun lanak benetan lagungarriak iruditu zaizkidala. Nire eskolaldia marrazki baten bidez azaldu behar izana, nire prestakuntzaren nahiz praktikaldiaren inguruan ditudan ideiei beste buelta erditxo bat ematera eraman nau. Nire egoeraren eta bizitzako momentu honen inguruan pentsatzeak asko lagundu nau, bai praktikak gehiago aprobetxatzeko, baita nire bizitza pertsonalean hobekuntzak egiteko.

Honi guztiari gehitu, benetan espeziala egin duen egonaldia haurrengandik jaso dudan gertutasuna eta naturaltasuna izan dela. Beraiengan izan dudan erlazioaren eboluzioa izugarria izan da eta hori egin ditugun ekintza berezietan ikusi ahal izan da. Izan ere, hasieran beste irakasle arrunt bat bezala hartu ninduten, baina egin ditugun jarduera berezietan jaso dudan gertutasuna izugarria izan da. Eta horrek ondorio batetara eraman nau: pertsonak gure errutinatik ateratzen gaituztenean ikus daiteke nolakoak garen. Eta haurrekin berdina gertatu da; ohituta daude euren egunerokotasunean irakaslearekin modu batean ala bestean jarduten, baina errutina horretatik ateratzean haurra benetan nolakoa den ikus daiteke.

Bizitzari aurre egin behar diogunean benetan ezagutzen zaigu. Bakarrik gaudenean ala betikoak ondokoak ez ditugunean ikasten dugu pertsona izaten, gure izaera sortzen. Eta guzti honengatik errealitate ezberdin horiek ikusi eta ezagutzeak,  benetan aberastu nau eta asko lagundu dit.