Mostrando entradas con la etiqueta Oroitzapenen lekua. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Oroitzapenen lekua. Mostrar todas las entradas

jueves, 27 de octubre de 2011

Nire Haur Hezkuntza oroituz...

Denboraldi batez haurrekin egun osoa igaro behar dudanez, hauen buruetatik pasatzen dena zer den jakiteko eta beraien lekuan jartzeko, gure oroitzapenetara jotzea benetan lagungarria dela  iruditzen zait. Egia esan, niri bakarrik asko kostatu zait gogoratzea eta nire gertukoen laguntza ere behar izan dut. Behin laguntza eskatuta, uste nuena baino gutxiago kostatu zait zenbait gauzez gogoratzea. Hala ere, aitortu behar dut, askoz hobe gogoratu dudala oroitzapen negatiboa positiboa baino. Baina positiboarekin hastea nahiago dut; beraz, hortxe doa! 

Esan bezala, buruan oroitzapenek duten lekuan bilatuz, denbora dezente pasa dut  iragana gogoratzen. Nire lehen urteetako eskolaldia burura etortzea lortu dut, eta Haur Hezkuntzan nengoela, oroitzapen positiboenak, gela kanpoan genuen parkean nengoela ematen nituen.

Haur Hezkuntzako eskolan parke txiki bat genuen, bere txirrista, kolunpio, egurrezko tren, tamaina ezberdinetako barrak, eta guzti. Bertan, bi, hiru lau eta bost urterekin jolasten genuen eta nik denbora dezente barra ezberdinetan pasatzen nuen. Txikitatik egoten nintzela bertan zioten bai irakasleak, eta baita nire gurasoak ere. Eta bai, ni gogoratzen naizenez, bertatik zintzilikatzea eta txiribueltak ematea izugarri gustatzen zitzaidan. Ni bakarrik egoten nintzen, ez nuen beste inoren beharrik. 4-5 urte izango nituela suposatzen dut, txikiagoa nintzeneko momentuak, egia esan, ez baititut gogoratzen.

Barratik zintzilik ahal nuen denbora luzeena pasatzen nuen, hankak airean nituela. Arratsalde bukaeran beti eskuak babekin  izaten nituen askotan. Airean denbora bat egon ondoren, salto egin eta tripa barran jartzea saiatzen nintzen, txiribuelta egiteko asmoz. Baina ez nuen inoiz lortzen; beste haurrek askotan nitaz barre egiten zuten, baina andereñoak beti “ANIMO INTZA!” esaten zidala oroitzen dut; berdin nire aitona-amona eta gurasoek.

Saiakera eta saiakera artean, kolpe dezente hartzen nituen, baina beti jo ta ke ibiltzen nintzen. Azkenean, iritsi zen eguna. Oso ongi gogoratzen dut egun hori. Eskola garaia amaitu eta nire aitona eta amona etorri ziren beti bezala nire bila. Merienda jaten nuen bitartean, nire barran ohiko “luzapenak” egiten nituen hankak airean nituela. Eta hauetako batean, inpultsoa hartu eta salto egin nuen; aitonak esan zidan “Benga Intza, oraingoan bai! Zelako salto handia!” Eta txiribuelta egitea lortu nuen.

Ez nuen sinesten. AZKENEAN! Pozez zoratzen nengoen. Denei nire lorpena kontatzen nien behin eta berriz. Eta egia esan, orain pentsatzen dut ez zela hainbesterako izango, baina hobe pentsatuta, zergatik ez? Denbora pila bat zerbaiten atzetik egon eta lortzeak duen satisfazio sentsazio horrek ez dauka deskribapen posiblerik.
Hortik aurrera, barra horretan zebiltzan kideei beti laguntza eskaintzen nien, niri imitatzeko esaten nien. Zein harro nengoen!!

Nire abentura hauek kontatu ondoren, oroitzapen txarrari emango diot lekua orain. Oso ongi gogoratzen dut 4 urte nitueneko egun hau … Gabonak pasa berriak ziren eta eskolara bueltatu ginen. Gaiarekin lotuta, andereñoak eskatu zigun Olentzerok ekarritako oparirik gustukoena eramateko gelara. Nik argi izan nuen zer eraman: aspalditik nahi nuen eta azkenean lortu nuen panpina.
Honela, eguna iritsi eta denok gure opariak eraman genituen gelara. Oso jolas polita egin genuen: arduraduna hasi zen; borobilaren erdian jarri eta bere oparia erakutsi zigun denoi: elurretan ibiltzeko lera bat zen. Bere familiarekin elurretan jolastera joango zela kontatu zigun, asko gustatzen zaiola elurra, …
Amaitzerakoan, berak aukeratzen zuen nor atera behar zen; honela, banan-banan denok ateratzen joan ginen borobil erdira. Oso ondo gogoratzen dut zein urduri nengoen ni: irrikatan nengoen denoi nirea erakusteko, eta nire unea iritsi zen. 

Nire panpina erakutsi nien, egunero berarekin lo egiten nuela kontatu nien, kotxetxo bat nuela paseoan eramateko, bere ohetxoa, komuna, janaria, … Asko gustatu zitzaien denoi. Nik behintzat, gauza pila bat kontatu nizkien.

Jolasa amaitu, eta jolas ordura joateko garaia iritsita, opari guztiak gelako txoko batean uzteko eskatu zigun andereñoak. Hau egin ondoren, jolastera atera ginen kanpora.

Baina arazoak arratsaldea iristean heldu ziren … Bakoitzaren oparia etxera bueltatzeko unea zen, eta etxera joan aurretik, bakoitzak berea hartzeko eskatu zigun andereñoak. Horra joan nintzen ni, poz pozik, nire Ane (panpinaren izena) bilatzera. 

-Hara! Non dago nire panpina? Nork hartu du? Non ezkutatu duzue? 

Inork ez zekien ezer … gela osoan bilatu genuen, ez zegoen inon. Andereñoak ez zekien zer esan, zer egin nirekin. Negar batean nengoen, ez zegoen ni lasaitzerik!

Nire bila etortzean, amonari kontatu genion irakasleak eta biok gertatutakoa. Ni lasaitzea lortu zuen, baina soilik momentuan. Asteak pasa ziren eta nik neure panpinaren falta sumatzen nuen oraindik … 

Ez dut inoiz jakin zer pasatu ote zen nire panpina kutunarekin, baina zerbait konkretuan ez zentratzen eta jostailu ezberdinak erabiltzen ikasi nuen. Hori suposatzen dut izango dela esperientzia honetatik ikasi nuena.

Nire ikasleak diren haurrei gertatzen zaizkien gauza negatiboei alderdi positiboa ateratzen saiatzea izango da nire beste helburuetako bat!

Bueno ba, horixek izan dira nire oroitzapenak! Entretenitu bazarete, ez da gutxi!

miércoles, 26 de octubre de 2011

Pixka bat oroitzen... nire eskolaldia txikitan!


Marrazki honetan, Lehen Hezkuntzako bigarren mailako egun bat azaltzen saiatu naiz, 8 urte nituenekoa. Ez dakit egoera ala momentu konkretu bat soilik azaldu behar nuen, baina nik marrazkiak hainbat oroitzapen batera marraztu ditut, gure gelan gertatutakoak hain zuzen. 

Gure gela horrelakoa zen: leiho handi batzuk, arbela, gelakideen argazkiak, gustuko kartelak, … gainerako gelen antzera suposatzen dut.  Marrazkian, gela hau zen bezalakoa marraztea saiatzeaz gain, 2. mailako momentu batzuk margotzen saiatu naiz. Egia da, egunerokoa ez zela horrelakoa eta mahaietan eserita egoten ere bagenekiela; baina, nire gelaz, eskolako egunerokoaz  oroitzen hasten banaiz, jarduera guztiak ezaugarri bera dute: gelakideon arteko lotura, harreman estua . 

Izan ere, betidanik, 15 izan gara soilik gelan eta gure artean beti lagundu egiten ginen irakasleari aurre egiteko, gaiztakeriaren bat egiteko edo antzekoetarako. Gelakide guztiak marrazkian azaltzea gustatuko litzaidake, baina nire gaitasun artistikoak lasaitzeko esan dit! Hobekien gogoratzen ditudanak marrazkian daude: Nire karroan katu bat gorde genuen eta gelan zaindu egiten genuen denon artean, txandak egiten genituen, eta andereñoak ez zekien ezer; baita ere, saguak hartzen genituen eta “autopsiak” egiten genizkien gelan; zizareak hartu eta arbelean jartzen genituen,itsatsita geratzen ziren eta etxeak marrazten genizkien, karrerak egiteko bideak margotu, … ; gure leihotik beti erortzen ziren paperezko hegazkinak; eta andereñoa etorri orduko, norbait ezkutatuta egoten zen, susto bat emateko. Eta honelako beste bezain beste.

Honekin ez dut esan nahi gaiztakeri hauetaz harro nagoela, kontrakoa esango nuke. Nazkagarriak ginen benetan! Marrazkiaren bidez azaldu nahi dudana da, nahiz eta kasu honetan (marrazkian), ekintza negatiboetarako izan, beti geundela batera. Gure artean giro ona zegoen, gutxi ginen eta ezberdintasunak egon harren, bakoitzak bere lekutxoa zuen gelakideen artean. Honek, izugarrizko konfiantza eman dit neure buruarengan hurrengo urteetan, baloratua sentitzen nintzelako dela uste dut.
Bakoitzaren alderdi onak erabiltzen genituen: batek ondo marrazten zekiela? Ba gelarako gure marrazki bat egiteko eskatzen genion; beste batek txakurrak zituela? Bere baserrira joaten ginen denok txangoa egitera; beste batek txoria zuela etxean? Gelara ekartzeko eskatzen genion, etab.

Azken honekin lotuta, marrazkian “Maitegramen” kartel handia margotu dut, gelan asko erabiltzen genituelako. Maitegramak, ikaskide bati bere gauza onak idazteko balio dute, eta bakoitzak bere sobrea dauka; orduan, astean denbora eskaini izan diogu beti maitegramak idazteko. Batzuetan nahi genionari, beste batzuetan, zozketa bidez; azken honekin, lortzen genuen denok norberaren gauza positiboak entzutea. 

Egia esan, ez dakit nola azaldu. Beste gela batzuk ikusten genituenean pena ematen zigun; beraien artean beti liskarretan, haserre, neskak mutilen aurka, … Eta noski, guk ere izan ditugu horrelakoak, etengabean haserretzen ginen, baina segituan konponduko ginela genekien. Zerbait ondo iruditzen ez bazitzaidan, ez nuen gehiegi itxaroten besteekin haserretzeko, baina segituan banekien konpondu egingo genuela liskarra. 

Eta hortxe nago ni, neure jertse moratu gustukoenarekin, neureak eta geureak egiten! Bueltatuko nintzen bai, nire lagunekin egunero egotera, ondo pasatzera, eta zerbait gehiago ikastera!