miércoles, 11 de enero de 2012

Nire ebaluazio orokorra

Praktikak amaituak, hona hemen nire ebaluazio pertsonal orokorra:


Egia esan, zaila da honelako esperientzia batetik gehien gustatutakoa eta gutxien gustatutakoa zer diren bereiztea. Gehien gustatutakoa haurrek lehen momentutik transmititu didaten gertutasuna eta konfiantza da; beste bat bezala izan naizelako beraiekin, gure artean oso giro polita eta gertukoa izan dugulako. Baita ere, oso positiboa izan da, egunerokotasunean ikasten joan naizen guztia. Konturatu gabe etengabean gauza berriak ikusten nituelako, eta behin egindako erroreak (ipuina kontatzean adibidez), praktikatzearen ondorioz, hobe egiten nituela ikusiz.

Honetaz gain, iruditzen zait praktikaldi honen luzera ez dela nahikoa izan. Izan ere, haur bakoitza bakarka ezagutu dudanerako, beraien berezitasunekin, joateko ordua iritsi da. Nire ustez, haurrekin lehen kontaktu hau zertxobait luzeagoa izan beharko litzateke. Alde batetik, beraien garapen prozesua nola doan ikusi ahal izateko; eta bestetik, gure garapen pertsonala, irakasle (eta ikasle, noski) bezala.

Bertakoekin izan ditudan harremanei dagokienez, gelara sartu orduko, bai irakasle eta baita ikasleentzat beste bat izan naiz. Lehen momentutik primerako harrera egin zidaten eta oso ondo sentitu naiz beraien artean. Oso pertsona emozionala izanik, haur batzuekin izan behar nuen harremanaren muga bilatzea kostatzen zitzaidan hasieran (batzuk arreta asko eskatzen zutelako, besteak “inbisibleak” ziruditelako, etab. Baina irakaslea nire alboan egon da uneoro, nire dudei berehala erantzuna ematen, eta gelaren eta haurren inguruko mota guztietako informazioa ematen. Eskola honetan izan ditudan harremanak oso bereziak izan dira niretzat, sentimendu sakonak bizi izan ditudalako, eta oraindik ere, bizi ditudalako.

Irakasle bezala jardutean, denetarik bizi izan dut. Nire egunerokoan azaltzen joan naizen moduan, hasieran, ipuina kontatu behar nienean, ala errutina nik gidatzen nuenean, oso urduri egoten nintzen. Batzuetan, blokeatu egiten nintzen eta irakaslea ondoan behar nuen laguntza emateko eta nirekin batera jarduteko. Baina gauza guztiak bezala, honek ere praktika behar du; behin eta berriro egitea. Modu honetan, pixkanaka, geroz eta hobetoago sentitu naiz hainbat jarduera gidatzen, haurren galderei jarduten, baita ere beraiekin jolasean, etab. Izan ere, egoera erreala bizituz ikasten da egoerari aurre egiten; hau da: hasieran, gatazka bat zegoenean, ez nekien nola aurre egin eta irakasleari esaten nion laguntzeko. Baina pixkanaka, egoerei aurre egiteko modu ezberdinak daudela ikusten joan naiz eta egokiena zena pentsatzen nuena egiten nuen. Irakasleak, zuzendu egiten zidan, beste batzuetan zoriondu. Eta horrek sortzen duen poza eta autosuperazioak ez dute deskribapenik! Kontuan izan behar da, berez, praktikaldi hau BEHAKETA zela, baina nire kasuan, gelan parte hartzeko aukera dezente izan dut, eta ikasteko baliagarriena da.

Egin behar genuen blogari dagokionez, nahiz eta hasieran nahiko galduta ibili nintzen, denborarekin primeran pasa dut. Egia esan, “geurea” egin dugu. Bakoitzak bere erara apaindu, argazkiak sartu, nahi duen informazioari garrantzia gehiago eman, eta zerbait pertsonala egin du. Gainera, egunero etxera iritsi, eta egin ditudan gauzen inguruan pentsatzeak, hausnarketa pertsonala eginarazi dit, eta hori oso baliagarria da.

Esan dudan guztiagatik, praktika hauei probetxu handia atera diedala uste dut, benetan nire etorkizuneko lana izango dena nolakoa den ikusi ahal izan dudalako. Horregatik, ikusi dut irakasle bezala jardun nahi dudala eta motibazioa pizten du horrek, gehiago ikasten joateko. Beraz, orain beste urte bete egon beharko dugu liburu artean, hurrengo urteko praktiketan ume artean egoteko berriro ere!

No hay comentarios:

Publicar un comentario