miércoles, 11 de enero de 2012

Behatutako egoera berezia

IRAKURTZEN BAKARRIK IKASIZ

Praktiketan egun batzuk daramatzat eta aukera eman dit gelako bizitzan sartzeko eta behatzeko ere. 21 haur dauden 5 urteko gelan nago eta pixkanaka haur bakoitza ezagutzen noa. Jarraian, hasieratik atentzioa deitu zidan haur baten jarreraren inguruan arituko naiz.
Gelan gaudela, andereñoa ekintzaren bat azaltzen ari denean edota galderaren bat egiten duenean, askotan erantzuten haur bakarra bera da. Intimitatea gordetzeko helburuarekin, izena ez dut esango, beraz, Mikel deituko diot. Esaten ari nintzen moduan, ia beti erantzuten du, nahiz eta galdetutakoa oraindik emanda ez izan edo galdera zaila izan, eta eman gabeko hiztegia ezagutzen du.
Horregatik, gelako tutoreari, galdetu nion ea irakurtzen zekien. Eta berak kontatu zidan baietz, 4 urteko gelan zeudenean irakurtzen hasi zela. Orduan, eskatu nion honen inguruan pixka bat gehiago kontatzeko.
Kontua da, 4 urteko gelan zeudenean eta bakoitzaren izena lantzen ari zirela, Mikelek, besteen izenak identifikatzen hasi zela erraztasunarekin. Beraz, tutoreak pentsatu zuen gurasoekin hitz egitea. Egoera kontatzean, esan zioten etxean ere hitzak irakurtzen hasita zegoela, baina beraiek ez ziotela erakutsi; berak bakarrik ikasi zuela, letrak identifikatuz, ondoren hitz motzak, eta pixkanaka irakurtzen hasi zela inongo laguntzarik gabe.
Tutorea eta gurasoak harrituta zeuden, baina tutoreak kontatu zien beste batzuetan ere gertatu izan dela. Askotan, haurrak euren kabuz esperimentatuz doazela, eta batzuk gaitasun gehiago dutela, kasu honetan, fonemak eta silabak identifikatu eta irakurtzen joateko.
Gauzak honela, Mikelek bere garapenarekin jarraitu zuen, geroz eta erraztasun handiagoarekin irakurtzen joan zen, gelakideen izenak identifikatuz eta lehendik landutako hitzak gogoratuz, behin eta berriro errepikatuz.
Orain, 5 urteko gelan dagoela eta irakurketa pixkanaka lantzen hasi direla, bere kideekin konparatuta oso aurreratuta jarraitzen du. Besteak silabak identifikatzen, bokalak eta kontsonanteak lotzen eta silaba hauek lotzen doazen bitartean, berak gelako edozein hitz hartu eta erraz irakurtzen du.
Ikusten zaio pozik dagoela, abantaila duela ohartu da eta bere buruarekiko konfiantza gehiago izaten laguntzen dio. Gainera, gelakideek beti esaten dizkiote “oso ondo!” “Ze azkarra zara!” “hori da!” eta antzekoak, eta oso pozik jartzen dela nabaritzen zaio.

Kasu honen inguruan gehiago behatzen joan naizen heinean, hausnarketa bat egin dut eta neure buruari galdetu diot ea ze puntura arte den beharrezkoa irakaskuntza hain gidatua izatea.
Izan ere, irakurketa era nahiko gidatuan egiten dutela kontatu didate eskolako irakasleek. 3 urtetatik hasita, intuizio bidez irakurketa lantzen hasten dira haurrak, eta ondoren, metodo silabikoak (hitzak silaben bidez ulertuz eta identifikatuz, sinplifikatzeko) erabiltzen dituzte.
Baita ere, esan didate, urteen poderioz konturatzen joan direla, nire gelako haur honen kasua bezala, asko izaten direla, eta nahiz eta ikaskuntza hain gidatua egin, haurrek euren erritmoan, euren kabuz ikasten doazela.
Baina orduan, nire buruari galdetzen diot: Zergatik jarraitzen dute metodo hain gidatuak erabiltzen, haur bakoitzak bere kabuz ikasten badoa? Egia esan, pozten naiz gai honen inguruan zentratu izana, oso gai garrantzitsua dela iruditzen zaidalako haur hezkuntzan eta nola egin beharko litzatekeen argi ez dudalako. Ez dakit bide onetik nabilen eta gaia zuzen hartu dudan. Ea zer pentsatzen duzuen zuek!

No hay comentarios:

Publicar un comentario