Marrazki honetan, Lehen Hezkuntzako bigarren mailako egun bat azaltzen saiatu naiz, 8 urte nituenekoa. Ez dakit egoera ala momentu konkretu bat soilik azaldu behar nuen, baina nik marrazkiak hainbat oroitzapen batera marraztu ditut, gure gelan gertatutakoak hain zuzen.
Gure gela horrelakoa zen: leiho handi batzuk, arbela, gelakideen argazkiak, gustuko kartelak, … gainerako gelen antzera suposatzen dut. Marrazkian, gela hau zen bezalakoa marraztea saiatzeaz gain, 2. mailako momentu batzuk margotzen saiatu naiz. Egia da, egunerokoa ez zela horrelakoa eta mahaietan eserita egoten ere bagenekiela; baina, nire gelaz, eskolako egunerokoaz oroitzen hasten banaiz, jarduera guztiak ezaugarri bera dute: gelakideon arteko lotura, harreman estua .
Izan ere, betidanik, 15 izan gara soilik gelan eta gure artean beti lagundu egiten ginen irakasleari aurre egiteko, gaiztakeriaren bat egiteko edo antzekoetarako. Gelakide guztiak marrazkian azaltzea gustatuko litzaidake, baina nire gaitasun artistikoak lasaitzeko esan dit! Hobekien gogoratzen ditudanak marrazkian daude: Nire karroan katu bat gorde genuen eta gelan zaindu egiten genuen denon artean, txandak egiten genituen, eta andereñoak ez zekien ezer; baita ere, saguak hartzen genituen eta “autopsiak” egiten genizkien gelan; zizareak hartu eta arbelean jartzen genituen,itsatsita geratzen ziren eta etxeak marrazten genizkien, karrerak egiteko bideak margotu, … ; gure leihotik beti erortzen ziren paperezko hegazkinak; eta andereñoa etorri orduko, norbait ezkutatuta egoten zen, susto bat emateko. Eta honelako beste bezain beste.
Honekin ez dut esan nahi gaiztakeri hauetaz harro nagoela, kontrakoa esango nuke. Nazkagarriak ginen benetan! Marrazkiaren bidez azaldu nahi dudana da, nahiz eta kasu honetan (marrazkian), ekintza negatiboetarako izan, beti geundela batera. Gure artean giro ona zegoen, gutxi ginen eta ezberdintasunak egon harren, bakoitzak bere lekutxoa zuen gelakideen artean. Honek, izugarrizko konfiantza eman dit neure buruarengan hurrengo urteetan, baloratua sentitzen nintzelako dela uste dut.
Bakoitzaren alderdi onak erabiltzen genituen: batek ondo marrazten zekiela? Ba gelarako gure marrazki bat egiteko eskatzen genion; beste batek txakurrak zituela? Bere baserrira joaten ginen denok txangoa egitera; beste batek txoria zuela etxean? Gelara ekartzeko eskatzen genion, etab.
Azken honekin lotuta, marrazkian “Maitegramen” kartel handia margotu dut, gelan asko erabiltzen genituelako. Maitegramak, ikaskide bati bere gauza onak idazteko balio dute, eta bakoitzak bere sobrea dauka; orduan, astean denbora eskaini izan diogu beti maitegramak idazteko. Batzuetan nahi genionari, beste batzuetan, zozketa bidez; azken honekin, lortzen genuen denok norberaren gauza positiboak entzutea.
Egia esan, ez dakit nola azaldu. Beste gela batzuk ikusten genituenean pena ematen zigun; beraien artean beti liskarretan, haserre, neskak mutilen aurka, … Eta noski, guk ere izan ditugu horrelakoak, etengabean haserretzen ginen, baina segituan konponduko ginela genekien. Zerbait ondo iruditzen ez bazitzaidan, ez nuen gehiegi itxaroten besteekin haserretzeko, baina segituan banekien konpondu egingo genuela liskarra.
Eta hortxe nago ni, neure jertse moratu gustukoenarekin, neureak eta geureak egiten! Bueltatuko nintzen bai, nire lagunekin egunero egotera, ondo pasatzera, eta zerbait gehiago ikastera!
No hay comentarios:
Publicar un comentario