Nire burua irakasle-eskolan ikustean, mila gauza datozkit burura, eta egia esan, ez dakit nondik hasi. Bertara geroz eta gauza gehiago lotzen didatenaren sentsazioa dut. Lotu esatean, modu positibo batean ari naiz; ideia batzuekin hasi nintzelako eskola honetan, eta egunak pasa ahala, gauza berriak jakiteak, neure burua deskubritzea ere dakarrelako. Horregatik, lehenik eta behin, eskolara etortzean nituen aurre ideia eta iritziekin hasiko naiz, ondoren, bertan esploratzen ari naizen sentsazio eta esperientziekin jarraituz. Marrazkiak noski, hau guztiarekin lotura zuzena dauka.
Irakaskuntza munduan sartzeko grina betidanik izan dut eta aukeraketaren arrazoia nahiko argi ere: beste pertsonei nik dakidana jakinaraztea zorigarria dela iruditzen zait. Eta are gehiago, haur txikiak izanda; euren etxeetatik datoz errealitate berri batetara eta eskolan beste haur batzuekin bizitzen ikasten dute, munduan jarduten hasten dira pixkanaka euren kabuz, eta prozesu honetan parte hartu eta laguntzea bikaina da niretzat. Bueno, haurrekin ere oso ongi pasatzen dut eta bizitasun handia ematen didate; horrek ere zerikusia izan du, noski.
Horregatik, irakasle eskolan duela urte bete pasatxo hasi nintzen. Esan dudan guztiagatik, haurrekin nola jardun behar den, hauen ekintzak interpretatzen, eskola beraren funtzionamenduaren, haur bat nolakoa den, eta honelako beste hainbesteren inguruan gehiago jakiteko asmoarekin.
Eskolan hasi eta jende berria, ohitura berriak, herri berria eta arlo berriak aurkitu nituen. Ufa! Hasieran, gogorra egin zen, baina neure motibazioak bultzatuta, segituan hartu nuen martxa berria: lagun berriak egin, jende asko ezagutu, arlo berriekin kontaktuan jarri, irakasleak ezagutu, leku berrira ohitu, …
Eta hortxe joan naiz, pixkanaka, nire formazioarekin hasiz. Eta marrazkian, nire formazio honen egunerokotasuna islatzen da: taldeko lana. Unibertsitateko metodologia dela eta, ikasketak taldeka egiten ditugu eta orduak eta orduak igarotzen ditugu taldeka lanak egiten, proiektu ezberdinak prestatzen, eta nola ez, barreak eta solasaldiak izaten! Horixe marraztu dut hemen; iaz eta aurten ere, nire taldekideak direnak.
Jende berdinarekin hainbeste ordu pasatzeak, bere alde onak eta alde txarrak ditu, noski, baina nahiko ondo moldatzen gara. Bakoitzak gaitasun ezberdinak dauzkagu eta hori oso lagungarria da lanak egiteko orduan, gure artean osagarritasuna lortzen dugulako. Batek informazio pila bat bilatzeko erraztasun handia dauka; beste batek, informazio hori sailkatzeko; besteak hori ondo idaztekoa; eta azkenak dena txukun antolatu eta forma polita emateko. Lan handia kostatu zitzaigun gaitasun hauek ondo erabiltzea, baina behin martxa hartuta oso gustura gaude. Denbora pila bat aurrezten dugu, denak taldean beharrezkoak sentitzen gara, eta noski besteen lanetatik asko ikasten da.
Gainera, hainbeste ordu batera pasatzeak, gure artean lotura estua egotera eraman digu. Oso ondo eramaten gara, lagun onak aurkitu ditudala esan dezaket, eta harro gainera!
Bestalde, gauzak beti ez doaz hain ondo eta arazoak ere sortzen dira. Bakoitzak bere iritzia dauka, eta askotan, ados jartzea kostatzen zaigu, burugogorrak baikara; gainera, batzuetan ez dugu gure artean adostutako lana egiten, eta batek egiten ez badu, besteak aurrera ezin jarraitu!
Baina bueno, gure arteko komeriekin hasiz gero, ez nuke sekula amaituko! Marrazki honekin adierazi nahi dudana da, ikasketa hauetako ezaugarrik nabariena taldean egin behar dugun lan guztia dela, eta honek gauza ezberdinak ikasteko aukera eman didala. Baita ere, gainontzeko taldeak nolakoak diren eta euren komeriak ezagutzeko. Gainera, ni lotsatia izanda, asko laguntzen dit taldean egoteak, babesa ematen dit. Beti 15 ikaskideko gela batean egonda, orain, 70 pertsona gauden gela batek errespetua ematen du!
Oso gustura nago, lagun bikainak ditut, eta nola ez, egunero pixka bat gehiago ezagutzen noa nire etorkizunerako nahi dudan lanbidea!
Bizitzan, gauza guztiek hasiera bat dute eta noski, amaiera bat. Bidai honen hasiera dagoeneko martxan dago; ea nola jarraitzen duen!
No hay comentarios:
Publicar un comentario