Nondik hasi nire praktikaldiarekin … Urte pasatxo hainbeste teoria jasotzen egon ondoren, hori guztia praktikoki ikusi ahal izatea izugarria izaten ari da. Jarduerak nola prestatu, liskarrei nola aurre egin, haurrekin egon, beraien konfiantza lortu, irakasleen esperientziak entzun, aholkuak jaso, esperimentatu, urduritasunak pasa, poztasuna eta emozio ezberdinak bizi!
Hasiera urduritasunez betea izan arren, Eli, nire gelako tutorea izugarria da. Neska gazte honek hasiera-hasieratik asko laguntzen nau eta nire egonaldiaren poztasunaren zati handi bat berari esker da.
Gelan parte hartzen uzten dit eta aholkuak ematen dizkit, berak nola egingo lukeen esanez, beste aukerak emanez. Adibide bat jarriko dut gelako nire lehen parte hartzearen inguruan:
Lehen egunean, ipuina Elik kontatu zuen eta arreta handiz behatzeko esan zidan. Hurrengo egunean, haurrei esan zien ni ere ikasten nengoela eta nik kontatuko niela ipuina, ondoren, denon artean nola egin nuen esango zidaten. Modu honetan, urduritasunez beterik, nire kontaketari ekin nion. Amaitzerakoan, haurrek esan zidaten: “oso ondo andereño!” .
Egun bertan, haurrak etxera joan zirenean, bion artean hausnarketa egin genuen neure kontaketaren inguruan. Ahotsa oso ondo erabili nuela esan zidan, tonuak aldatuz, altuago eta baxuago irakurriz, lasai egin nuela ere esan zidan, eta haurren atentzioa mantentzea lortu nuela. Bestalde, eskuekin zer egin ez nekiela esan nion; horregatik, ipuina nola hartu nezakeen esan zidan, eskuak libreago izateko eta keinuak egin ahal izateko, marrazkian erreferentziak ere egin ahal izateko. Baita ere, nola sentitu nintzen galdetu zidan eta oso urduri egon nintzela esan nion. Izan ere, magisteritzan landu egin dugu denbora dezentez nola irakurri behar ditugun ipuinak, zer egin behar den, zer ez, eta honek egiten du presioa izateak. Batzuetan, neure buruari gehiegi exijitzen diodala esan zidan Elik, gauzak lasaiago hartu behar ditudala, eginez eta eginez ikasiko dudala.
Honelako solasaldiaren ondoren, primeran sentitu nintzen. Ikasten dudana praktikan jartzea eta norbait ondoan eduki ahal izatea kritika konstruktiboak egiteko izugarria da. Lehen momentutik konfiantza handia eman dit Elik eta nire buruarengan konfiantza gehiago ere izaten lagundu dit horrek.
Ipuinarekin bezala, pixkanaka, gelan ekintza gehiagotan parte hartzen noa, hasieran urduriago, galduta sentitzen naizela, baina geroz eta hobetoago. Modu honetan ere, gelan oso integratua sentitzen naiz hasieratik. Haurrek berehala onartu dute beste pertsona berri bat egotea gelan eta beraiekin oso ondo pasatzen dut.
Nire gelako 21 haurrak dira nire praktikaldiaren poztasunaren beste arrazoi handia. Oso maitagarriak dira eta gure arteko gertutasun eta konplizitatea nabari da. Bizitza beste modu batean bizi dute, motelago, eta ni ere nire bizitzaren erritmoa lasaitzen ikasten ari naiz, gauza sinpleagotan zentratuz eta gauza txikiei garrantzia gehiago emanez.
Gelaz kanpo ere, zikloko irakasleekin egunero biltzen gara, eskolarako lanak egiten, bilerak egiten, jarduerak antolatzen edota hitz egiten. Azken finean, eskolako bizitzan erabat sartuta nago eta irakasle batek dituen lan ezberdinak bizitzeko aukera ematen dit.
Elirekin ere, gelako orduez kanpo geratzen naiz noizbehinka, lanen bat egiten, oharrak prestatzen, jarduera batzuk ere; gelako metodologiaren inguruan ere edozein duda argitzen dit, berak duen informazioa eskuragarri uzten dit.
Ikusten duzuen bezala, denbora dezente pasako nuke esperientzia zoragarri honen inguruan hitz egiten, baina gaurkoz nahikoa dela uste dut. Hurrengora arte! Ongi izan!
No hay comentarios:
Publicar un comentario