lunes, 7 de noviembre de 2011

Zortzigarren eguna: azaroak 7, astelehena

Kaixo!! Bagaude berriro ere asteburutik bueltan! Gaurko buelta gogorra izan da, eguraldi txarra egiten zuen, etxean gelditzeko modukoa; baina eskolara joan behar eta oso ondo egon gara. Beti bezala, ingelesa izan dugu lehenik; ondoren SENSOR; eta gero, gelara joan gara. Bertan, errutinarekin hasi baino lehen, irakurketa egin dugu denon artean borobilean eserita. Orain arte landutako hizki eta silaba guztiak landu ditugu gure liburuekin denok batera.

Denbora dezente pasa dugunez irakurketan, gaurko errutina azkarrago egin dugu eta berehala txokoetara joan gara, aurreko asteko lanekin amaitzeko. 

Gaurko egunean nabarmendu nahiko nukeena jolas garaia da. Aurreko astean haur talde batekin egon nintzen jolasak egiten jolas orduetan, eta gaur, frontoira atera naizenean denak nire zai zeuden. Poza handia eman dit denak niri itxaroten zeudela ikusteak. Berehala jolasten hasi gara, trenak egiten, harrapaketan, "sagu txiki, sagu maite", kolore-kolore, eta antzeko jolas pila bat egiten. Haur asko batu dira, eta hoberena, beste irakasle baten bat ere. 

Oso ondo pasatu dut, haurrak nirekin gustura daudela ikusi dut eta horrek berebiziko poztasuna sortu du nigan. Motibazio izugarriarekin itzuli naiz gelara; bertan ere, geroz eta integratuago sentitzen naiz. Egoerei aurre egitean hobe ikusten dut nire burua eta Elik asko laguntzen nau.

Arratsaldean, Elirekin etzi ospatuko dugun sukaldaritza egunaren jolasak eta errezetak prestatzen egon gara. Nirekin prestatu izana asko gustatu zait, ekintzak bion artean prestatu ditugulako, eta nire ideiak ere eman ahal izan ditudalako.

Esan bezala, astea poza eta gogo handiarekin hasi dut! Ea horrela jarraitzen dudan!

No hay comentarios:

Publicar un comentario