Esan bezala, buruan oroitzapenek duten lekuan bilatuz, denbora dezente pasa dut iragana gogoratzen. Nire lehen urteetako eskolaldia burura etortzea lortu dut, eta Haur Hezkuntzan nengoela, oroitzapen positiboenak, gela kanpoan genuen parkean nengoela ematen nituen.
Haur Hezkuntzako eskolan parke txiki bat genuen, bere txirrista, kolunpio, egurrezko tren, tamaina ezberdinetako barrak, eta guzti. Bertan, bi, hiru lau eta bost urterekin jolasten genuen eta nik denbora dezente barra ezberdinetan pasatzen nuen. Txikitatik egoten nintzela bertan zioten bai irakasleak, eta baita nire gurasoak ere. Eta bai, ni gogoratzen naizenez, bertatik zintzilikatzea eta txiribueltak ematea izugarri gustatzen zitzaidan. Ni bakarrik egoten nintzen, ez nuen beste inoren beharrik. 4-5 urte izango nituela suposatzen dut, txikiagoa nintzeneko momentuak, egia esan, ez baititut gogoratzen.
Barratik zintzilik ahal nuen denbora luzeena pasatzen nuen, hankak airean nituela. Arratsalde bukaeran beti eskuak babekin izaten nituen askotan. Airean denbora bat egon ondoren, salto egin eta tripa barran jartzea saiatzen nintzen, txiribuelta egiteko asmoz. Baina ez nuen inoiz lortzen; beste haurrek askotan nitaz barre egiten zuten, baina andereñoak beti “ANIMO INTZA!” esaten zidala oroitzen dut; berdin nire aitona-amona eta gurasoek.
Saiakera eta saiakera artean, kolpe dezente hartzen nituen, baina beti jo ta ke ibiltzen nintzen. Azkenean, iritsi zen eguna. Oso ongi gogoratzen dut egun hori. Eskola garaia amaitu eta nire aitona eta amona etorri ziren beti bezala nire bila. Merienda jaten nuen bitartean, nire barran ohiko “luzapenak” egiten nituen hankak airean nituela. Eta hauetako batean, inpultsoa hartu eta salto egin nuen; aitonak esan zidan “Benga Intza, oraingoan bai! Zelako salto handia!” Eta txiribuelta egitea lortu nuen.
Ez nuen sinesten. AZKENEAN! Pozez zoratzen nengoen. Denei nire lorpena kontatzen nien behin eta berriz. Eta egia esan, orain pentsatzen dut ez zela hainbesterako izango, baina hobe pentsatuta, zergatik ez? Denbora pila bat zerbaiten atzetik egon eta lortzeak duen satisfazio sentsazio horrek ez dauka deskribapen posiblerik.
Hortik aurrera, barra horretan zebiltzan kideei beti laguntza eskaintzen nien, niri imitatzeko esaten nien. Zein harro nengoen!!
Nire abentura hauek kontatu ondoren, oroitzapen txarrari emango diot lekua orain. Oso ongi gogoratzen dut 4 urte nitueneko egun hau … Gabonak pasa berriak ziren eta eskolara bueltatu ginen. Gaiarekin lotuta, andereñoak eskatu zigun Olentzerok ekarritako oparirik gustukoena eramateko gelara. Nik argi izan nuen zer eraman: aspalditik nahi nuen eta azkenean lortu nuen panpina.
Honela, eguna iritsi eta denok gure opariak eraman genituen gelara. Oso jolas polita egin genuen: arduraduna hasi zen; borobilaren erdian jarri eta bere oparia erakutsi zigun denoi: elurretan ibiltzeko lera bat zen. Bere familiarekin elurretan jolastera joango zela kontatu zigun, asko gustatzen zaiola elurra, …
Amaitzerakoan, berak aukeratzen zuen nor atera behar zen; honela, banan-banan denok ateratzen joan ginen borobil erdira. Oso ondo gogoratzen dut zein urduri nengoen ni: irrikatan nengoen denoi nirea erakusteko, eta nire unea iritsi zen.
Nire panpina erakutsi nien, egunero berarekin lo egiten nuela kontatu nien, kotxetxo bat nuela paseoan eramateko, bere ohetxoa, komuna, janaria, … Asko gustatu zitzaien denoi. Nik behintzat, gauza pila bat kontatu nizkien.
Jolasa amaitu, eta jolas ordura joateko garaia iritsita, opari guztiak gelako txoko batean uzteko eskatu zigun andereñoak. Hau egin ondoren, jolastera atera ginen kanpora.
Baina arazoak arratsaldea iristean heldu ziren … Bakoitzaren oparia etxera bueltatzeko unea zen, eta etxera joan aurretik, bakoitzak berea hartzeko eskatu zigun andereñoak. Horra joan nintzen ni, poz pozik, nire Ane (panpinaren izena) bilatzera.
-Hara! Non dago nire panpina? Nork hartu du? Non ezkutatu duzue?
Inork ez zekien ezer … gela osoan bilatu genuen, ez zegoen inon. Andereñoak ez zekien zer esan, zer egin nirekin. Negar batean nengoen, ez zegoen ni lasaitzerik!
Nire bila etortzean, amonari kontatu genion irakasleak eta biok gertatutakoa. Ni lasaitzea lortu zuen, baina soilik momentuan. Asteak pasa ziren eta nik neure panpinaren falta sumatzen nuen oraindik …
Ez dut inoiz jakin zer pasatu ote zen nire panpina kutunarekin, baina zerbait konkretuan ez zentratzen eta jostailu ezberdinak erabiltzen ikasi nuen. Hori suposatzen dut izango dela esperientzia honetatik ikasi nuena.
Nire ikasleak diren haurrei gertatzen zaizkien gauza negatiboei alderdi positiboa ateratzen saiatzea izango da nire beste helburuetako bat!
Bueno ba, horixek izan dira nire oroitzapenak! Entretenitu bazarete, ez da gutxi!