Begira zelako opari polita ekarri didan gaur haur batek! Nire izena idazten ikasten dabiltza... eta gelako printzesak bere gazteluan marraztu digu, ni ere printzesa naizelarik!
Kaixo!! Ongi etorri nire blogera. Intza Iraeta naiz, Legazpiarra, eta Donostiako Magisteritza eskolan Haur Hezkuntza egiten ari naiz bigarren urtez. Hori dela eta, nire lehen praktikaldia dut eskola batean. Zumarragako La Salle-Legazpi eskolan nago 5 urteko gelan. Besterik gabe, hemen nire eguneroko kontuak, liskarrak, egoerak, hausnarketak, eta abar azaltzen joango naiz. Ondo izan!
martes, 8 de noviembre de 2011
Ni magisteritzan!!
Nire burua irakasle-eskolan ikustean, mila gauza datozkit burura, eta egia esan, ez dakit nondik hasi. Bertara geroz eta gauza gehiago lotzen didatenaren sentsazioa dut. Lotu esatean, modu positibo batean ari naiz; ideia batzuekin hasi nintzelako eskola honetan, eta egunak pasa ahala, gauza berriak jakiteak, neure burua deskubritzea ere dakarrelako. Horregatik, lehenik eta behin, eskolara etortzean nituen aurre ideia eta iritziekin hasiko naiz, ondoren, bertan esploratzen ari naizen sentsazio eta esperientziekin jarraituz. Marrazkiak noski, hau guztiarekin lotura zuzena dauka.
Irakaskuntza munduan sartzeko grina betidanik izan dut eta aukeraketaren arrazoia nahiko argi ere: beste pertsonei nik dakidana jakinaraztea zorigarria dela iruditzen zait. Eta are gehiago, haur txikiak izanda; euren etxeetatik datoz errealitate berri batetara eta eskolan beste haur batzuekin bizitzen ikasten dute, munduan jarduten hasten dira pixkanaka euren kabuz, eta prozesu honetan parte hartu eta laguntzea bikaina da niretzat. Bueno, haurrekin ere oso ongi pasatzen dut eta bizitasun handia ematen didate; horrek ere zerikusia izan du, noski.
Horregatik, irakasle eskolan duela urte bete pasatxo hasi nintzen. Esan dudan guztiagatik, haurrekin nola jardun behar den, hauen ekintzak interpretatzen, eskola beraren funtzionamenduaren, haur bat nolakoa den, eta honelako beste hainbesteren inguruan gehiago jakiteko asmoarekin.
Eskolan hasi eta jende berria, ohitura berriak, herri berria eta arlo berriak aurkitu nituen. Ufa! Hasieran, gogorra egin zen, baina neure motibazioak bultzatuta, segituan hartu nuen martxa berria: lagun berriak egin, jende asko ezagutu, arlo berriekin kontaktuan jarri, irakasleak ezagutu, leku berrira ohitu, …
Eta hortxe joan naiz, pixkanaka, nire formazioarekin hasiz. Eta marrazkian, nire formazio honen egunerokotasuna islatzen da: taldeko lana. Unibertsitateko metodologia dela eta, ikasketak taldeka egiten ditugu eta orduak eta orduak igarotzen ditugu taldeka lanak egiten, proiektu ezberdinak prestatzen, eta nola ez, barreak eta solasaldiak izaten! Horixe marraztu dut hemen; iaz eta aurten ere, nire taldekideak direnak.
Jende berdinarekin hainbeste ordu pasatzeak, bere alde onak eta alde txarrak ditu, noski, baina nahiko ondo moldatzen gara. Bakoitzak gaitasun ezberdinak dauzkagu eta hori oso lagungarria da lanak egiteko orduan, gure artean osagarritasuna lortzen dugulako. Batek informazio pila bat bilatzeko erraztasun handia dauka; beste batek, informazio hori sailkatzeko; besteak hori ondo idaztekoa; eta azkenak dena txukun antolatu eta forma polita emateko. Lan handia kostatu zitzaigun gaitasun hauek ondo erabiltzea, baina behin martxa hartuta oso gustura gaude. Denbora pila bat aurrezten dugu, denak taldean beharrezkoak sentitzen gara, eta noski besteen lanetatik asko ikasten da.
Gainera, hainbeste ordu batera pasatzeak, gure artean lotura estua egotera eraman digu. Oso ondo eramaten gara, lagun onak aurkitu ditudala esan dezaket, eta harro gainera!
Bestalde, gauzak beti ez doaz hain ondo eta arazoak ere sortzen dira. Bakoitzak bere iritzia dauka, eta askotan, ados jartzea kostatzen zaigu, burugogorrak baikara; gainera, batzuetan ez dugu gure artean adostutako lana egiten, eta batek egiten ez badu, besteak aurrera ezin jarraitu!
Baina bueno, gure arteko komeriekin hasiz gero, ez nuke sekula amaituko! Marrazki honekin adierazi nahi dudana da, ikasketa hauetako ezaugarrik nabariena taldean egin behar dugun lan guztia dela, eta honek gauza ezberdinak ikasteko aukera eman didala. Baita ere, gainontzeko taldeak nolakoak diren eta euren komeriak ezagutzeko. Gainera, ni lotsatia izanda, asko laguntzen dit taldean egoteak, babesa ematen dit. Beti 15 ikaskideko gela batean egonda, orain, 70 pertsona gauden gela batek errespetua ematen du!
Oso gustura nago, lagun bikainak ditut, eta nola ez, egunero pixka bat gehiago ezagutzen noa nire etorkizunerako nahi dudan lanbidea!
Bizitzan, gauza guztiek hasiera bat dute eta noski, amaiera bat. Bidai honen hasiera dagoeneko martxan dago; ea nola jarraitzen duen!
Bederatzigarren eguna: azaroak 8, asteartea
Gaurko eguna primeran joan da! Nabarmendu nahiko nuke, gaur psikomotrizitateko irakaslea, Eneritz, gaixorik zegoela eta bere ordezkoa etorri dela. Nahiko galduta zegoenez, laguntza eskatu dit, eta gaurko psikomotrizitateko saioa bion artean egin dugu. Oso ondo pasatu dut zirkuituak prestatzen, abesiak bilatzen jolasak egiteko, eta Ainhoarekin, ordezkoarekin, hitz egiten. Gainera, haurrek ere oso ondo pasatu dute.
Honetaz gain, gaur ere zirkuituak egin ditugu, eta haurreko egunean azaldu nituen BOTEOEZ gain, "SALTXITXA" ere egin dugu gaur. Hemen argazki batzuk uzten dizkizuet:
-BOLTEO egiten (begiak itxita):
-Eta orain, SALTXITA (begiak irekita, kolore gorri nahiz berderuntz) :
Gainera, gaur plastilina ere erabili dugu jarduerak egitean. Txoko batean erabili dute. Artista batzuk daude eginak. IKUSI IKUSI....
Bueno ba, bihar egun berezia dugu, SUKALDARITZA EGUNA! Ze urduri joan diren denak etxera....
lunes, 7 de noviembre de 2011
DIBUS
Aurreko astean DIBUS egin genuela azaldu nizuen. Haurren sormena lantzeko jarduera da hau, eta bigarren taldeak egindako marrazkia jartzen dizuet hemen. Baserriaren inguruan da hau ere, noski.
Eta hona hemen nola doan gure murala!! EARRA EZTA?
Emozioen semaforoa
EMOZIOEN KONTROLA
Lehengoan esan nizuen bezala, hemen dago denon artean egindako semaforoa!
Egia esan, lehenengo aldia izateko, denek oso ondo ulertu dute nola erabili semaforoa. Ea hemendik aurrera liskarrak eta emozioak kontrolatzeko baliagarria egiten den.
Lehengoan esan nizuen bezala, hemen dago denon artean egindako semaforoa!
Plastifikatu eta paretan itsatsi dugu pentsatzeko txokoan. Gaur gainera, erabili egin dugu:
Markel hasarratu egin da Landerrek jo egin diolako, beraz, pentsatzeko txokora joan da. Denon laguntzarekin semaforoa erabili du.
-Hasarre zegoenez, kolore gorrian zegoen, eta arnasa hartu eta lasaitu egin da.
-Ondoren, horira pasatu da eta Landerrengana joan da mina egin diola esateko.
-Landerrek barkamena eskatu dio eta musu bat eman dio. Modu honetan, kolore berdera pasatu da.
Gaurkoz, bere lana egin du!
Zortzigarren eguna: azaroak 7, astelehena
Kaixo!! Bagaude berriro ere asteburutik bueltan! Gaurko buelta gogorra izan da, eguraldi txarra egiten zuen, etxean gelditzeko modukoa; baina eskolara joan behar eta oso ondo egon gara. Beti bezala, ingelesa izan dugu lehenik; ondoren SENSOR; eta gero, gelara joan gara. Bertan, errutinarekin hasi baino lehen, irakurketa egin dugu denon artean borobilean eserita. Orain arte landutako hizki eta silaba guztiak landu ditugu gure liburuekin denok batera.
Denbora dezente pasa dugunez irakurketan, gaurko errutina azkarrago egin dugu eta berehala txokoetara joan gara, aurreko asteko lanekin amaitzeko.
Gaurko egunean nabarmendu nahiko nukeena jolas garaia da. Aurreko astean haur talde batekin egon nintzen jolasak egiten jolas orduetan, eta gaur, frontoira atera naizenean denak nire zai zeuden. Poza handia eman dit denak niri itxaroten zeudela ikusteak. Berehala jolasten hasi gara, trenak egiten, harrapaketan, "sagu txiki, sagu maite", kolore-kolore, eta antzeko jolas pila bat egiten. Haur asko batu dira, eta hoberena, beste irakasle baten bat ere.
Oso ondo pasatu dut, haurrak nirekin gustura daudela ikusi dut eta horrek berebiziko poztasuna sortu du nigan. Motibazio izugarriarekin itzuli naiz gelara; bertan ere, geroz eta integratuago sentitzen naiz. Egoerei aurre egitean hobe ikusten dut nire burua eta Elik asko laguntzen nau.
Arratsaldean, Elirekin etzi ospatuko dugun sukaldaritza egunaren jolasak eta errezetak prestatzen egon gara. Nirekin prestatu izana asko gustatu zait, ekintzak bion artean prestatu ditugulako, eta nire ideiak ere eman ahal izan ditudalako.
Esan bezala, astea poza eta gogo handiarekin hasi dut! Ea horrela jarraitzen dudan!
sábado, 5 de noviembre de 2011
Pentsatzeko txokoa
Begira zelako sofa polita dugun gelan!! Haurrei aldiz, ez zaie batere gustatzen! Norbait gaizki portatuz gero, irakasleak pentsatzera bidaltzen baitie bertara! Norbait zirikatzen ari bada gelan eta hurrengoan sofara joango dela esatean, berehala gelditen da. Errespetu izugarria diote!
Gelan txoko hau egotea beharrezkoa dela ikusten dut. Bertan haurrak lasaitu egiten direlako, oso serioki hartzen dutelako.
Gaur sortzen egon garen Emozioen Semaforoa bertan jarriko dugu. Momentuz, argazkia hemen uzten dizuet! Hurrenarte!
Suscribirse a:
Entradas (Atom)