martes, 29 de noviembre de 2011

Hogeitabostgarren eguna: azaroak 25, ostirala AGURRR!

AZKEN EGUNA

Emozioez beteriko egun zoragarria... Bonboiak irakasle gelan utzi ondoren, gelara joan naiz. Eli Errioxan egindako kurtsotik bueltan da, baina kontsultoria duenez goiz osoan, atsalderarte ez ginela ikusiko uste nuen. Baina zoritxarrez, esan dit ez dela arratsaldean ezta ere egongo, beraz, ezingo garela despeditu.

Baina erdaraz esaten den moduan... "no hay mal que por bien no venga": eskatu dit hurrengo astean mesedez eskolara etortzeko, behar bezala despedida bat egiteko. Beraz, hurrengo astean hemen izango naiz bueltan! Ez dakit nola egingo dudan unibertsitatera joateko eta eskolara etortzeko, baina moldatuko naiz, ziur!!

Tutorea egon ez denez, eta bere ordezkoak baja hartu duenez, irakasle pila bat pasa dira goizean gelatik eta haurrak nahiko urduri egon dira. Gainera, batzuk triste xamar nabaritu ditut, nire azken eguna izan delako. Baina pozteko intentzioarekin, atzo Eliri egindako oparia erakutsi diet, eta eman egingo diogula esan diet. Beraz, bere bila joan naiz eta etorri denean oparia eman diogu "SORPRESA!" denok batera esanez. Eli harrituta gelditu da, ilusio handia egin dio eta asko poztu da. Plastifikatu eta gelan jarriko duela esan du eta ondoren, esker bero bat eman dit niri. 

Egia esan, hain ondo nago haur hauekin, irakasle honekin eta gela honetan, oso zaila egingo zaidala bertara ez bueltatzea. Ahal izan dudan gehien aprobetxatu dut eguna, primeran pasa dut haurrekin, parre asko bota ditugu, betiko antzera: futbolean jolastu dugu jolas orduan, txokoetako lana nik azaldu diet, jolasak egin ditugu, arratsaldean marrazki gehiago egin dizkidate, 5 urteko beste gelakoek ere marrazkia egin nahi izan didate beraiekin jolas garaian asko jolasten dudalako esanez, eta arratsaldean jolas garaiaren ondoren gelara joan garenean, etxera joan aurretik, haurrak besarkatzen hasi dira...

Lurrean eseri naiz eta denak nire gainera bota dira, hiru haur negarrez hasi dira, ez joateko eskatuz, muxuak eman dizkidate... oso zaila izan da. Negar egiteko gogoa nuen, ez nekien pozagatik ala tristuragatik, baina oso momentu intentsuak bizi izan ditut gaur. 

Lurrean geundela, beste gelako irakaslea etorri da eta hitz polit batzuk esan ondoren, argazkia atera digu denoi. Ondoren, ilaran jarri eta banan-banan muxuak eman dizkidate. Agurtzeko ordua iritsi da... txirrina jo eta AGUR!! Hurrengora arte!! esatea tokatu da. Denak joan direla, atean gelditu naiz beste irakasleekin beti bezala eta hitz egiten nengoela, bi haur euren gurasoekin etorri zaizkit, haurrak negar batean zeudela. Deskontsolatuta daudela esan didate gurasoak, pena handiarekin daudela haurrak, eta eskerrak eman dizkidate denagatik. Baita ere, zorte ona eman didate nire etorkizunerako...

Hau guztia amaituta, koordinatzailearekin bildu gara eta honek praktiketako ikasle bakoitzari diploma bat eman digu: "Haur Hezkuntzako praktiketako diploma..." aurreko egunean ateratako argazkiekin.

Oso pozik nago, aldi berean triste, astelehenean gelara ez naizela joango pentsatzean, baina asko ikasi dudanaren sentsazioa daukat eta horrekin geratuko naiz. 

Hementxe gure argazkia...
Nahiz eta azken eguna izan, idazten jarraituko dut, hausnarketa gehiagorekin, informazio osagarri gehiagorekin, ... beraz, HURRENGORA ARTEE!!

jueves, 24 de noviembre de 2011

Hogeitabigarren eguna: azaroak 24, osteguna

EGUN BEREZIA.  .  .

Gaurko eguna berezia izan da hasieratik bukaera arte! Emozioz betea ere!!

Goizean, ingeleseko orduan, niri oparitzeko marrazkiak egin dituzte eta Eskerrikasko Intza edo Thank you Intza jarri dute bertan. Amaitzerakoan, eman egin dizkidate eta gelara joan gara. Andereño Tania etortzen zen bitartean, beti bezala ni hasi naiz eguneroko errutinarekin, eta lista pasa ondoren, andereñoa iritsi da, baina notizi berriekin: medikuarenera joan behar zuela eta ni bakarrik geratzeko haurrekin.

Oso urduri jarri naiz, gelan bakarrik egon naizen lehen aldia izan delako; baina primeran joan da goiza. Benean, nik uste gaur baino lasaiago ez dira inoiz egon. Otoitza egin dugu, gogoeta (bokazio astean gaudelako), ULISES, eguraldia, irakurketa eta azkenik, txokoko lana.

Jolas ordua iritsi baino lehen beste andereño bat etorri da ea zer moduz nenbilen eta harrituta geratu da haurrak hain txintxo eta lasai ikustean. Zoriondu nau eta asko poztu naiz. Egia esan, hasieran oso urduri jarri naiz baina gero lasaitu naiz berehala, haurrak kasu egiten zidatela ikustean. Kontatu diet banoala bi egun barru eta oso triste jarri dira batzuk. Orduan, neska bat zutik jarri eta niregana etorri da besarkatzera, besteak berdina egin dute eta besarkada handi bat eman gara denon artean. Erlijioan laguntasuna lantzen dugu beti, laguna alai egotea saiatu behar garela, eta antzekoak. Ia ia emozionatu naiz, baina parre batzuk bota ditugu eta sentitu dudana deskribaezina da. Bene-benetan, haur hauek izugarriak dira.

ZINEMA

Arratsaldean, zinema izan dugu: eskolako aretora jaitsi gara HHko denak eta pelikula ezberdinak ikusi ditugu: Hartz txiki, Edurnezuri eta pirritx eta porrotx. 4tan amaitu dugu eta jolastera irten gara. Gelako batzuk egun osoan egon dira beraiekin futbolean jolasteko eskatzen, eta patioan nengoenean, denak etorri dira mesedez eskatzera. Baietz esan diet eta primeran pasa dugu. Zein ondo pasa dugun.

Azkenik, gelara joan eta Eli bihar datorrenez, opari bat prestatu diogu. Goizean, batzuk, margoak zorrozten egon gara eta ateratako puntatxoak gorde egin ditut. Puntatxo hauek atera egin ditut eta borobilean eserita, erakutsi dizkiet (bakarrik egon bainaiz orain ere). Kontatu diet eskulan bat egin behar genuela, eta zertarako. 

Beraz, orri bat hartu eta "Eli" idatzi dugu kolarekin. Ondoren, denon artean, margo zatitxoak bota ditugu eta soberakinak zakarrontzira. Ondorioz, Eli margoz betea geratu da. Asko gustatu zaie eta gainera, denon izena idatzi dugu inguruan. Gorde egin dugu bihar arte... eta bihar sorpresa izango du andereñok!!!

Hau guztia gutxi balitz, haurrak etxera joan direnean, irakasle gelara joan eta irakasle guztiak zain zeuden: gaztaina eta sagardoekin, meriendatxoa egiteko prest zeuden, agurra moduan. Oso ondo pasatu dugu!!

Bueno, emozioez beteriko eguna. Oso pozik nago, baina aldi berean, triste! Bihar abenturatxo hau amaituko da eta pena handia ematen du... ea zer moduz doan azkeneko eguna!! 


BIHARARTEEEEE!

miércoles, 23 de noviembre de 2011

Hogeitabatgarren eguna: azaroak 23, asteazkena

Gaurko eguna arraro xamarra izan da. Eli ez dagoenez, irakasle dezente pasatu dira gelatik, eta haurrak mugituago eta urduriago egon dira. Irakasle batekin dinamikan sartu orduko, beste bat etorri da; gainera, bakoitzak bere ohiturak dauzka eta ondorioz, pixkat galduta egon dira momentu batzuetan nire haur maiteak. 

Baina hortxe egon naiz, lagungarri izan naizela uste dut. Azkenean, ni beraiekin denbora guztian egonda, lasaitasuna eman diet, eta gaur inoiz baino gehiago, kasu asko egin didate. 

Nabarmentzeko bakarra, gaur arratsaldean, koordinadorea etorri dela gelara, gelako argazkia ateratzeko. Horregatik, beste gela batera joan gara eta nerekin atera dute haur guztiek argazki bat. Esan dit oroimen bezala izan nahi dutelako atera digutela. Honen ondoren, haur batek galdetu dit zergatik atera duten argazkia nirekin, eta esan diot laster banoala delako. Neskatxak besarkada bat eman dit eta esan dit ez joateko, oso triste jarriko direlako. Alde batetik, poztu nau hori entzutea, nirekin gustura daudenaren seinale delako; baina, bestetik, izugarrizko pena eman dit...

Nik uste dut argazkia atera digutela oparitu nahiko didatelako ostiralean eskolatik joan aurretik... baina itxaron beharko dugu!! 

Biharartee!!

martes, 22 de noviembre de 2011

Psikomotrizitate gela


Hauxe da psikomotrizitateko gela. Ikus dezakezuen moduan, gimnasioa da, eta haur hezkuntzako bigarren zikloko haurrentzat psikomotrizitate gela bezala erabiltzeaz gain, haur zaharragoak soinketa egiteko ere erabiltzen dute.

*Gustatuko litzaidake esatea, nahiz eta gimnasio hau oso handia izan, haur hezkuntzako lehen zikloko haurrek beste psikomotrizitate gela bat dutela, beraien eskolatxoan, askoz txikiagoa eta material apropos gehiagorekin.

Psikomotrizitateko saioari dagokionez, esan nuen moduan, saio gidatuak izaten dira. Material asko ez daude, koltxoneta gutxi dituzte, eta guk magisteritza eskolan beti ikusi ditugun saio libreak egiteko ez da egokia.

Horregatik, saio gidatuak izaten dira. Normalean, berotzeko, jolasak egiten dira, korrika pixka bat egiteko helburuarekin. Ondoren, zirkuitoren bat jartzen zaie, txiribueltak egin, uztaila artean salto, lurretik irristatu, eta antzekoak egiteko. Saioa amaitzeko, abestiak, gorputz atalak identifikatzeko, adibidez, egiten dira.

Askotan ere, denboratxo batean libre uzten zaie, materialarekin jolasteko; gainera, sokak, baloiak, pilotak, etab. dituzte. 

Saioa amaitu baino lehen, denon artean gela jaso eta gordetzeko gelara eramaten ditugu. 

PSIKOMOTRIZITATEKO MATERIALA



Ingeleseko gela

Hauxe da ingeleseko gelaren atea. Ingelesa emateko erabiltzeaz aparte,  bideoak ikusteko, SENSOR egiteko eta eguerdiro zaintza gela bezala erabiltzen da. Hainbeste funtzio izatearen arrazoia, bertan proiektore bat dagoela da. Horregatik, eguerditan, haurrak jangelara joan aurretik, bertara joaten dira: lista pasatu eta adinaren arabera eskuak garbitzera joaten dira andereño baten laguntzaz. Besteak bitartean, bideo bat ikusten egoten dira lurrean. Honela pasatzen dugu denbora egunero jangelara joan aurretik.

Hemen daude argazki batzuk, gelako telebista eta proiektorea ikus dezazuen:



IKTren inguruko galderak

Sarrera honetan, IKTen inguruan arituko naiz. Eskolan egin ditugun galdera batzuk dira. La Salle Legazpin 4 ikaskide gaudenez, denon artean egin dugu galdeketa, haur hezkuntzako koordinatzaile eta irakasle batzuei. Esatea ere, azkeneko galdera, bakoitzak bere tutoreari egin diola.

Hona hemen galdeketa:

1. Nola lantzen dira informazio eta komunikaziozko teknologiak?
-Gela bakoitzean: ordenagailua dago, irrati kaseta,
-Gela batean: proiektorea dago zine saioak egiteko, CREA egiteko, SENSOR egiteko. Baita ere telebista bat dago, baina proiektorea dagoenetik ez da erabiltzen.
-Irakasleek informazioa bilatzeko, materiala osatzeko, erabiltzen dute internet.
-Behar izanez gero, eskolako liburutegian arbel digitala dago, nahiz eta haur hezkuntzan ez duten erabiltzen.

2. Zer nolako materiala erabiltzen dute?
-Ttanto, Txirritx, Xango, hauek Urtxintxa barnekoak dira): CD bat daukate, eta bertan ipuinak, jolasak, abestiak eta antzekoak daude.
-Pirritx, Porrotx eta Marimototx: bideoak, abestiak, ipuinak, jolasak
-Ingeleseko bideoak: Nursery Rhymes eta youtubetik hartutako bideo ezberdinak.
-Hizkuntza lantzeko bideoak: batez ere euskara eta ingelesa. “Haurrak euskalduntzen bideoaren bidez” euskara lantzeko (Xabier Leterenak)
-Bitxitarrak: fitxa liburuak, osagarriak, plantillak egin ahal  izateko, ipuinak, … (denetatik erabiltzen dute).
- Sorgin Xarmangarria

3. Internet erabiltzen da? Zertarako?
Irakasleek bakarrik erabiltzen dute:
-Materiala osatzeko marrazkiekin, argazkiekin, informazioarekin, …
Adibideak: Picassa Web, Maestra infantil
(picasaweb.google.com) honen bidez, maestra infantilen aldizkaria lortzen dute.

4. Parte hartzen dute IKTko proiekturen batean? Zein da eta zertan datza?
IKT taldea osatzen ari da, geroz eta funtzio gehiago webaren bidez egiteko asmoz eta teknologiak geletan etorkizunean gehiago sartzeko asmoarekin. Gaur egun, Sallenet. web orriaren bidez familiei notak helarazteko eta eskolako informazioa bertatik eskaintzeko erabiltzen dute.

5.Nola lotzen da metodologia IKTarekin?
Askotan erabiltzen dute gelan ematen diren jardueren osagarri moduan. Adibideak: “etxea” gaia lantzen ari badira, etxearen inguruko bideoak ikustera joaten dira, hiru txerritxoena, zazpi antxumeena, eta antzekoak.
Denbora pasa bezala ere erabiltzen dute: zaintzan daudenean, bazkaltzera joan aurretik, esaterako, proiektorean bideoak eta pelikulak jartzen zaizkie.

6. Zerbait berezia egiten da sormena lantzeko teknologiarekin? Zer eta nola?
Egia esan, sormena dezente lantzen da geletan, baina teknologiarekin ez. Sormena lantzeko programa ezberdinak daude, CREA bezalakoak, baina teknologien erabilera ez dago gelako dinamiketan sartuta. Esan digute, gustatuko litzaiekeela etorkizunean arbel digitala izatea haur hezkuntzan, bertan marrazkiak denon artean egiteko eta gordetzeko, eta berriro ere erabiltzeko.
Xango bezalako CDtan eskaintzen dira programak, ordenagailu bidezko programekin marrazkiak egiteko.

7. Zertarako erabiltzen da bideoa eta nola?
Lehen esan dugun bezala, hizkuntzak lantzeko eta haurrak hizkuntza hauek entzutera ohitzeko erabiltzen dira; batez ere, euskara eta ingelera lantzeko.

8. Proiektu telematiko batean parte hartzen al dute?
Orain arte ez dute parte hartu honelako proiektuetan.

9. Zerbait egiten al da kritikotasun alderdia lantzeko teknologiaren aurrean?
Ez da honelakorik lantzen, haurrak ez baitituzte teknologiak gelan erabiltzen, gelako ordenagailuaz aparte.

10.Zer nolako galderak planteatzen diote gurasoek zure gelako irakasleari IKTri buruz? 
Gurasoak tutoretza saioetan egiten dituzte galdera hauek, eta batez ere , materialei buruz eta hauen egokitasunari buruz.
Galderarik ohikoenak:
-          Zenbat denbora pasatu beharko lukete haurrek telebista eta ordenagailu aurrean?
-          Zeintzuk dira programarik egokienak ?
-          Nola dakigu ondo erabiltzen dituztela?

11. Aholkua eskatzen diote irakasleari ? Zertaz ?
Bai, aurreko galderan azaldu dugun bezala.

12. Nola egin du gelako irakasleak bere prestakuntza IKT-ko arloan? Bere kabuz? Ikastaro batean? Eskolan?
 Lehendik zekienetik oinarrituta, bere kabuz ikasten doa beharra sentitzen duenean. Eskolan ere, noizbehinka, ikastaroak egiten dituzte irakasleentzat: aurreko urtean, argazki kameren inguruan izan zuten.
 Gainera, orain dela bi urte, IT txartelaren inguruko bi diploma atera zituen, ikaskuntza hau, bere kabuz egin zuen, baina azterketa irakasle guztiei egin zitzaien eskolan.

Hogeigarren eguna: azaroak 22, asteartea

Gaurko egunetik nabarmendu nahi dut arratsaldea: tutorea hurrengo bi egunetan ez da eskolara etorriko, esan diotelako kurtso bat egitera joan behar dela. Beraz, azkeneko momentuan, gelan egin beharko diren gauza guztiak prestatu behar izan ditu; horregatik, esan diot lagunduko niola, eta gelan gauzak prestatzen zegoen bitartean, klasea ematen ni egon naiz.

Oso ondo sentitu naiz. Beti bezala, lista pasatu dugu, gero ulises, eta azkenik ipuina. Ondoren, tutoreak jarraitu beharrean, nik jarraitu dut. Ipuinaren inguruan hitz egiten egon gara eta ondoren, hiztegia landu dugu.

Horretarako, jokuak egin ditugu. Elik esan dit nahi dudana egiteko, beraz, lehenik, argazki bakoitza bere izenarekin erlazionatu dugu denon artean, eta ondoren, memoria lantzeko, beheraka jarri eta jolasten aritu gara. 

Urduri egon naiz, haurrak askotan ez zirelako isiltzen eta ez didatelako kasu gehiegirik egin, baina Elik esan dit normala dela, lasai egoteko. Ondoren, txokoetara joan gara.

Hori izan da gaurko abentura. oso ondo pasatu dugu eta haurrekin kontaktuan egotea geroz eta gehiago gustatzen zaidala konturatzen ari naiz. Gaur responsabilitate gehiago nuela sentitu dut eta horrek urduritasuna sortzen du, baina Eli ere gelan egon denez momentuoro, asko lasaitu naiz. Oso pozik nago. 3 egun soilik falta dira... beraz, ondo pasatzeraaa!!