Argi dago blog hauekin harritu den lehena ni izan naizela. Betiko memoria batez ahaztu eta zerbait berria eskaini zaigu. Beti bezala, ezezaguna egiten zaigun zerbait aurkeztean, galduta sentitzen gara eta blokeo orokor moduko bat dago. Baina berehala hartu nuen martxa. Eta hori nabaria da nire bloga gainetik ikusi duen edonorentzat. Hasieran, egunerokoa azaldu, objetiboki deskribapenak eman, eta nire sentsazio eta sentimenduak alde batera uztea errazago egiten zitzaidan. Baina denborarekin, blog honetan idaztea, neure arma bezala erabili dut. Azken finean, bloga idazteak, etxera iritsi eta denbora bat niretzat hartzera eraman zidan. Izandako egunean pentsatu, nire aurrerapen pertsonaletan pentsatu eta hobetu beharreko gauzetan ere, noski. Egindako guztiaren inguruan pentsatzeak eta hausnartzeak balio gehiago izatea egiten du; izan ere, gaur egun ez dugu geuretzat denborarik gordetzen eta aspaldian ez bezala, nik esperientzia honetan hori lortu dut.
Benetan gauza dezente ikasi ditudanaren sentsazioa daukat, gogoz hartu dudalako, urte pasatxo bat teoriaz hornitu ondoren, hori praktikan ikusteko aukera izan dudalako. Behaketa sinple batekin hasi zena, irakasle bezala nire lehen esperientziarekin amaitu da, eta horrek asko laguntzen du norberaren garapenean. Nire prestakuntzaren puntu oso nabarmena izan dela nabaritu dut. Izan ere, unibertsitatera bueltatzean betiko klaseak beste modu batean ikusi ditut, beste interes batekin hartu ditut. Nire ideiak finkatzeko eta nire barnean ordena bat jarraitzeko balio izan dit esperientzia honek.
Horretaz gain, praktikaldiko batzuk egin genuen mahai-inguruaren inguruan aipamen bat egin nahiko nuke. Ikusi nuen, ikaskideek beste errealitate batzuk bizi izan dituztela. Denbora tarte motz hartan kontatutako gauzak baliagarriak iruditu zitzaizkidan. Alde batetik, ikusi nuen, nola batzuk ez duten aukera izan gelan gehiegi parte hartzeko; nire kasuan berriz, parte hartzea nahiko altua izan da egunerokoan baita materialaren prestakuntzan. Bestetik, instalakuntzen inguruan hitz egitean, ala psikomotrizitatearen inguruan, egia da, nik bizitako errealitatea baino egokiagoak ala prestatuagoak ere bazeudela.
Gainera, gure unibertsitateko ikasketen inguruan ere aritu ginen. Hau oso aberasgarria iruditu zitzaidan, kontuan izanda, irakaslea ere gure artean zegoela. Ideia asko atera ziren, baina nire ustez, argi geratu zena teoria eta praktikaren arteko zubi hori murriztu egin behar dela, lotura gehiago izatea saiatu behar dela. Baina hori, denon esku dago, teoria ezberdinak ezagutzen jarraituz eta errealitate ezberdinei aurre egiten ikasiz.
Eta nigatik, hemen denbora luzez jarraituko nuke, baina nik uste dut blog honetako sarreretan dena esanda dagoela; beraz, amaitzeko, beste behin esatea esperientzia hau benetan aberasgarria iruditu zaidala. Nire etorkizunerako nahi dudan lanaren lehen kontaktua izanda, gogoak benetan piztuak dauzkadala ikasten jarraitzeko eta gehiago jakiteko. Eta bide onetik zoazela jakitea baino sentsazio hobeagorik ez dago! Nire eskerrik beroenak La Salle-Legazpi ikastetxeari, bai nire gelako 21 haurrei eta baita bertako tutoreari, badakidalako, esperientzia hau beraiek gabe ez zela horrelakoa izango.